Agurra 40 URTE
Lagunak: ongi etorri!
Urteak joan urteak etorri ea konturatu gabe hemen gaude, berrogeira iritsi gara. 40 urte, bidaia luzea egin dugu, egin du, talde txiki honek. Ingurumenaren aldeko ibilbide luze honetan zuen eta lagun askoren laguntza izan dugu.
Eskerrik asko
Badakigu mundua bidegurutze oso konplexu batean dagoela. Krisi klimatikoak kolokan jartzen du gure planetako bizitzaren jarraipena. Zientzia aspalditik ari zaigu ohartarazten itzulerarik gabeko puntura iristen ari garela eta premiazko neurri zorrotzak hartu beharko direla krisi klimatikoari aurre egiteko. Hala ere, ez dirudi botere politiko eta ekonomikoek konponbiderik bilatzen dutenik eta, bitartean, lehen mundua kontsumismoan murgilduta dago, ezer gertatuko ez balitz bezala.
Zer egin dezakegu? Egiten duguna, talde txiki batek egiten duena, zeozertarako balio du?
Mundua, etengabeko bira dabilen sistema itxia da.
Antzerkigile ingeles batek antzeztoki bat imajinatu zuen, non aktoreak etengabe biraka zebilen zilindro batean harrapatuta zeuden. Talde bat, nekatuta eta etsita, eserita zegoen, zilindroak jira-biraka jarraitzen zuen. Beste talde bat dantzan eta kantari zebilen, pozik, zilindroaren biraketa-zentzuan. Azkenik, talde txiki bat kontrako norabidean zihoan, ezarritako dinamika gelditu, eten eta aldatzeko nahian.
Zeregin horretan ari gara errealitatea aldatzeko borrokan ari garen gizarte-talde txikiak. Beste jende askorekin Mundu hobeagoarekin egiten dugu amets, eta amets hori gaur errealitate izan dadin borrokan dihardugu. Ezin dugu etorkizunerako utzi.
Egun, ba al du zentzurik utopía aldarrikatzeak?
Hau da ikasle batek unibertsitate ekitaldi batean Fernando Birri-ri, zinemagile eta antzerkigileari, egin zion galdera.
Birrik honela erantzun zion: “Galdera hori egunero egiten diot neure buruari. Zertarako balio du utopiak? Utopiak zerbaitetarako balio badu. Denok dakigu utopia zerumugan dagoela, eta zerumugan badago, ni hara ez naiz inoiz helduko. Ez dut inoiz harrapatuko. Hamar urrats egiten baditut, bera hamar pauso urrunduko da. Hogei urrats aurrera egiten badut, ostertza beste hainbeste urrunduko da. Badakit inoiz ez dudala harrapatuko. Orduan, zertarako balio du? Horretarako, ibiltzeko. Hori da, hain xuxen ere, nire arrazoia ibiltzen jarraitzeko. ”
Hori da gure arrazoia ibiltzen jarraitzeko.
Besarkada handi bat. On egin!
Sagarrak Ekologista Taldea – Ekologistak Martxan
La entrada Sagarrak – Ekologistak Martxan: Agurra 40 URTE aparece primero en Ecologistas en Acción.